
Zinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldia, azaroaren 23tik 28ra ospatuko da. Jaialdiari hasiera eman aurretik, doaneko zenbait jarduera eta ekimen ofizial antolatu dira, jendeak parte har dezan. Ekintza hauek Zabalgunean izango dira, den-denak doanekoak, guztion elkartzea, hausnarketa eta dibertimendua xede dutelarik. Ekintzak, azaroaren 11tik 21era izango dira.
Ibone Bengoetxea,Kultura eta Hezkuntza zinegotzia, eta Ernesto del Rio, Zinebiko zuzendaria, izan dira Pre-Zinebiren bigarren edizioaren aurkezpenean. Bertan, Bengoetxeak garbi utzi du, Pre-Zinebi, "geroago etorriko diren ideien, jardueren eta lanaren hitzaurrea" izango dela. Beraien asmoa, Bilboko jarduera kultural eta ekonomikoaren eragile nagusia izatea lortzea da.
Ostegunean, hilak 12, "Gidoi Faktoria Eiken-EITB. Gidoiaren espazioa" izeneko proiektuaren edizio berri bat egingo dute. Del Riok azaldu duenez, proiektuak, ikusentzunezko gidoiaren profesionalak heztea du helburu.
Etorkizuneko errealizadoreek ere, beraien txokoa izango dute zinema eskolen arteko topaketetan eta 2008-2009 ikasturtean egindako lanak aurkeztu ahal izango dituzte. Horregatik, zinema-unibertsoan parte hartu nahi duten gazteentzat "urrezko froga" izango da.
Zinebi-Express lehiaketa arrakastatsuak ere, bigarren edizioa izango du aurten, azaroaren 14an hain zuzen ere. Horretarako, parte hartu nahi duten gazteek, 48 ordutan gogor lan egin beharko dute eta asteleheneko 20:00ak baino lehen beraien lanak aurkeztu beharko dituzte, Bilboko Zabalgunean. Gaia librea izango da, beti ere, Bilbo hiria beraien lanetan aintzat hartuz.








No hay comentarios:
Publicar un comentario