lunes, 9 de noviembre de 2009

"Automobilismoari esker ezagutu ginenez, egunen batean probaren batean batera parte hartzea gustatuko litzaiguke"

Hona hemen, Monika Arratibel(ikaslea) eta Alazne Apalantzari(fisioterapeuta) egin nien elkarrizketa.


Kotxeen motor hotsak zerbait berezia omen du, kaskoa janztean zerbait berezia sentitzen omen dute. Rally-etan, emozioa, arriskuarekin nahasten da, esperientzia ahaztezin batean bilakatuz. Automobilismoaren nondik-norakoak argitu nahian, Rally-ak atsegin dituen Monika Arratibelekin, hemeretzi urteko Ataundarra, eta kopiloto gisa aritu ohi den Alazne Apalantzarekin, 23 urteko Errezildarra, elkartu gara.

Bi neskato hauen elkargunea, kotxeak izan zirenez, egunen batean, lasterketaren batean, Alazne piloto gisa eta Monika kopiloto, parte hartzea dute helburu. Horretarako, diru asko behar denez, diru-laguntzak emango dizkieten babesleak aurkitu nahi dituzte.

1.-Nolatan dituzu rally-ak gustuko?

Monika Arratibel:Kotxeak, kamioiak, motorrak txikitatik izan ditut gustuko. Hamar urte nituenean hasi nintzen mundu hori gehiago ulertzen, nire bi osabekin rallyak eta bestelako karrera eta konpetizioak ikustera joaten nintzenez benetan gustuko nuela ohartu nintzen.

Alazne Apalantza:Txikitatik beti ikusi izan ditut etxean kotxe ezberdinak eta motorrak. Oihituratzat genuen 1 formulako karrerak ikustea, etxean biltzen ginen lehengusuak eta anai-arrebak. Igandero aitak, anai-arreboi bere motorrean bueltaxka bat eman ohi zigun, guk sari gisa hartzen genuena. Pixkanaka-pixkanaka, anaia motor munduan sartu zen eta konturatzerako famili guztia hasi ginen parte hartzen.

2.-Ibili al zara inoiz rally-ren batean?Horrela izan bada, zein izan da zuk jarraitu duzun ibilbidea.

M.A:Nik ez dut oraingoz parte hartu, hala ere, nire ametsetako bat, Alaznerekin batera rallysprint-en batean parte hartzea da.

A.A:2006an debutatu nuen. Urte batzuk ziren aitak eta amak elkarrekin parte hartzen zutela. Amak ezin zuenean, ni joaten nintzen aitari laguntzera, notak hartzera zein tramo ezberdinak ezagutzera. Rallysprint txapelketan bada lasterketa bat gure herritik pasatzen dena, egunero egunero bizpahiru aldiz egiten digun bidetik igarotzen dena. Oso ezaguna nuenez, hor debutatu nuen, ez baitzen beharrezkoa notak ondo kantatzea. Hala ere, zorte txarra izan genuen, golpe txiki bat hartu eta erretiratu egin ginen. Gehiago probatzeko gogoz gelditu nintzenez, hurrengo lasterketan ere amaren ordez atera nintzen.
Handik aurrera, 2006. eta 2007.urteetan zehar, aitarekin ibili nintzen Mitsubishi Evo VI eta Mitsubishi WRC autoetan. Denetarik izan genuen: karrera oso txarrak(istripuak eta arazo mekanikoak zirela eta), eta karrera oso onak(nire lehen garaipenak lortu nituen). 2007an, Gipuzkoa mailan “Lehenengo Emakumea” saria lortu nuen, 2006an nire amak lortua.
2008an, anaiarekin ere parte hartzeko aukera izan nuen, Subaru WRC batean, nire lehen garaipena lortuz. Halaber, Xabi Alustiza pilotuarekin ere Ibiza Junior batean ibiltzeko aukera izan nuen.

3.-Zer sentitzen duzu lasterketetan?eta lasterketetan partaide izan ez bazara, zer sentitzen duzu rally-ak ikustean?

M.A:Nire kasuan, karrera bat ikusten ari naizenean, emozioa sentitzen dut kotxea badatorrela entzuten dudan momentutik pasatu eta berriro ezkutatzen den momenturarte. Oso gustura egoten naiz lagunekin, kotxeak ikusiaz eta leku berriak ezagutuaz.

A.A:Deskribatzeko zaila da, oso subjetiboa baita norberak sentitzen duena. Abiadura, zarata, jendearen animoak...Guzti horrek sentiarazten dizun “zera” asko gustatzen zait, sentsazio ezin hobea. Halaber, momentu askotan, arrisku puntu bat ere somatu arren, hori ere gustuko izaten duzu, horregatik garrantzitsua da arriskuaren eta emozioaren arteko oreka aurkitzea.
Esperientzia txarrak ere izan ditzazkegu, eta noski, sentitutakoa ez da berbera izaten. Hala ere, benetan gustatzen zaidalako sartu naiz saltsa honetan.

4.-Gustatuko al litzaizuke profesio gisa?

M.A:Momentu honetan argi daukat irakasle izan nahi dudala. Ez dut profesiotzat jo nahi, kopiloto edo piloto izatearena. Nahiago dut afiziotzat, horrela bere xarma du, eguneroko errutinan sartuko balitz, berezko duen xarma berezi hori galdu egingo lukeela uste dut.

A.A:Ez, nik profesio gisa nahi dudanerako ikasi egin dut, fisioterapeuta naiz. Automobilismoa afizio bezala, eta aldi berean bizio gisa definituko nuke gehienbat.


5.-Euskal herrian rally zale asko al dago?Jendeak zaletasun handia al du?

M.A:Rally zale asko dagoela nabari da, bai hemengo karrerak ikustean eta baita kanpokoetan ere: Errioxa, Katalunia, Asturias, Kantabria, Madrid... Izan naizen tokietan ikusi izan dudanez, jendea asko mugitzen da, euskaldun ugari eta ikurrinak ere anitz izaten baitira. Nabarmena da jendeak afizio handia duela eta leku batetik bestera mugitzen dela.

A.A:Bai, asko. Gainera ez bakarrik hemengo probetan edota Espainia mailako probetan, baita mundialeko probetan ere. Rallyzaleak txoko guztietan egoten dira, animoak emateko prest.

6.-Arazo asko al dago tarteko rally-etan hasteko?zein?Emakumea izatea oztopoa al da?

M.A:Arazo handiena dirua dela esango nuke. Diru asko behar da karrera batean parte hartzeko. Ez bakarrik dirua, gure kasuan, mekanikaz ez dakigunez, mekanikoak, beharrezko erremintak, kotxea eta karroa zein honentzako gidabaimena duen norbait… Hala ere, niretzat familia ere oztopoa da, ez baitute nahi etxeko alaba bakarra kotxean abiadura bizian ibiltzea eta oso urduri jartzen dira karrera bat ikustera joaten naizenean. Kotxeen hotsak, tronpoak, eskapadak, abiadurak…asko izutzen ditu ama eta amona batez ere. Osabek, izebek, kuadrilako lagunek eta beste hainbat lagunek aldiz, animo asko ematen dizkigute karreraren batean irteteko. Animoaz aparte, diru-laguntzaren bat ere asko eskertuko genuke.

Gaur egun geroz eta emakume gehiago ikusten dira automobilismoaren munduan. Nahia eta baliabideak baldin badauzkazu erraza da oztopo horiek gainditzea, azken finean, emakumeak zein gizonak izan ditzazkeen oztopoak berberak baitira.

A.A:Gehienbat arazo ekonomikoa. Bakoitzak daukanaren arabera ibiltzen da, edo normalean, ahal dena baino pixka bat gehiago gastatu ohi da. Zaila da, eta gehiago gaur egun gauzak dauden bezala ikusita, babesle edo laguntzaileak aurkitzea.

Ez inolaz ere ez, emakumea izatea ez da oztopo. Lehen, arraroa egiten zen, eta “marimutil” esan ohi zizuten. Gaur egun aldiz, geroz eta neska gehiagok parte hartzen dute. Pentsa, nire ama 40 urte inguru zituenean hasi zen parte hartzen, eta beste bat izango balitz bezala tratatu zuten. Emakumeok berdintasuna aldarrikatzen dugu beti, horregatik ez dut uste emakumea izan eta automobilismoan parte hartzean meritu gehiago duenik. Emakumeon eskuetan dago guztienganako errespetua lortzea.

7.-Zein da zuen ametsa?Etorkizunari begira zer?

M.A:Gure ametsa, rallysprint-en batean biok parte hartzea da. Automobilismoari esker ezagutu ginen 2008ko Azpeitiko Ikasberri rallysprint-ean. Hasteko intentzioa badugu ere, nahia eta ezina dugu, diru asko behar baita guk dugun afiziorako.

A.A:Lagun oso onak egin ditut rally munduari esker. Orain dela urte eta erdi inguru, Monika ezagutu nuen, rallyzale amorratua eta karrera guztietan animo asko ematen zizkigun neska.
Orduztik, nire bizitzako pertsona garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Automonilismoari esker ezagutu ginela ikusita, biok elkarrekin probaren batean parte hartzea gustatuko litzaiguke. Zaila egiten zaigu amets hori betetzea, arazo ekonomikoak tarteko baitaude.


-Argazkiak: Sut&Blai programakoek erreportaia egin zietenean ateratakoak.

-Erreportaia ikusteko hemen egin klik

No hay comentarios:

Publicar un comentario