Hemen uzten dizuet orain dela gutxi egin nuen elkarrizketa bat, Aldaizen orain dela bi ale edo argitaratu zen. Elkarrizketa, Juani Eziolaza eta Lurdes Unziti Idazabaldarrei eginikoa da,non "Esperientzia eskola" izan zen mintzagaia.
Esperientzia eskola, lan mundua utzi duten 50 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Trukaketa bultzatzeko gune irekia izateko jaioa den eskola honetan, hartu zuten parte Idiazabalen bizi diren 82urteko Lurdes Uncitik eta 69urte dituen Juani Eziolazak. Hala ere, ez dira promozio berekoak, Lurdesek 2008-2009ko kurtsoa gauzatu zuen, eta Juanik aldiz, 2003-2004.
Lurdes Unziti
Juani Eziolaza
1.-Zer da Esperientzia eskola?
Lurdes Unciti:Esperientzia eskola, eskola berezi bat da, ez dago azterketarik, ez apunteak hartzeko beharrik ere. Pertsona multzo baten bilkurak dira, non gai ezberdinen inguruan eztabaidan aritzen garen. Zenbait gai ezberdin lantzen dira bertan, eta horiei buruz mintzatzeko aditu bat etortzen zaigu, azalpenak egokiak izan zitezen. Astean hiru egunetan joaten ginen, hiru orduz. Aitortu beharra daukat, motz egiten zitzaigula, denbora, azkar pasatzen baitzen.
Juani Eziolaza: Eskola bat da, bizitzako momentu ezberdinetan aurrera nola egin erakusten dizuna. Denok elkartu eta jende jantzia etortzen zitzaigun egun horretan tokatzen zen gaiaren inguruan mintzatzera. Ondoren, guk gure zalantzak galdetzeko aukera izaten genuen. Giro oso ona egoten zen, oso gustura sentitu nintzen.
2.-Zein helburu ditu?
L.U: Nire iritziz,eskola honen helburu nagusia, lan mundua utzi duten pertsona helduei bizi gogoa zein bizi poza ematea izango litzateke. Nik bertan aurkitu dut poza, zoriontasuna...Asko animatzen nintzen bertan, parte hartzeak pozten ninduen. Giro ezin hobean murgildu nintzen, etxean bezala, asko ikasten da. Nik ez nuen imajinatuko horren ondo pasatzera iritsiko nintzenik. Pena da errepikatu ezin izana, bestela ez nuke bi aldiz pentsatuko.
J.E: Niretzako honako hau da eskolaren helburua; Bizitzako une latzei aurre egiten erakustea eta bide batez, bertako ikasleei kultura orokor batez janztea.
3.-Nolatan hartu zenuen parte?Zerk bultzatu zintuen?
L.U:Betidanik izan naiz pertsona alaia, azkenaldian aldiz, morala baxu nuen, oso triste eta ahul sentitzen nintzen. Jendearenganako kontaktuari ihes egiten nion, ez nuen hitz egiteko gogorik, ezer egiteko gogorik...Horregatik, Esperientzia eskolaren anuntzioa jaso nuenean, zenbait aldiz irakurri ostean, asko pentsatu gabe, apuntatzea erabaki nuen. Goiekira joan eta ni izan nintzen lehenengoa izena ematen.
J.E: Nire senarra lan-istripu batean hil zenez, animo gutxirekin eta oso tiste nengoen, barrenak jota. Horregatik, nire alabak eta lagun batek goibel ikusten nindutenez nire izena eman zuten, bertan animatuko nintzenaren esperantzaz. Hasiera batean, obligazioz joan nintzen, motibazio bat aurkitzeko gogoz. Gerora, gusturago sentitzen hasi nintzen, lagun asko egin bainituen.
4.-Zer egiten zenuten?
L.U: Aditu bat etortzen zitzaigun gai jakin bati buruz mintzatzera. Ondoren, bere azalpena bukatutzat ematean, galderak egitera gonbidatzen gintuen. Esan beharra daukat, gaztea nintzenean, galdetu ez nituen zalantza anitz bertan argitu ditudala. Apunteak ematen zizkiguten, gerora, etxean berrikusi genitzan. Orokorrean, gai ezberdinez aritu gara: Historia, literatura, filosofia, sexualitatea, psikologia, memoriaren tailerra, osasuna, Euskal Herriko historia, Etika, natur zientziak, teknologia, zuzenbidea, informatika...
Bestalde, zenbait irteera ere egin ditugu: Miramonera, Gernikara, Sasietara... Bestelako ekintzak parte hartzeko aukera ere izan dugu, antzerki bat egin genuen, epaiketa bat... Kurtso amaieran, proiektu bati eman genion hasiera, jubilatuen eskubideak eta betebeharren inguruan eta horretan gabiltza orain, irailean berriro elkartuko gara.
J.E: Egunero, pertsona ezberdin bat etortzen zitzaigun, egun batean historiari buruz hitz egitera, hurrengoan, ekonomia zen hizpide, eta hurrengoan berriz beste gai bat. Azterketarik ez zegoen eta hori ere abantaila ona da, ez baikenuen inongo presiorik.
Eguneroko klaseez aparte zenbait irteera egin ditugu, batzuk eskolatik eta besteak bertako ikasleen artean sortutako elkarteak antolatuta, Gueske. Sara bisitatu genuen, Bilbora ere joan ginen Guggenheim museoa ikustera. Etxera iristen dira irteera ezberdinen gonbidapenak eta nahi duena joan liteke. Kurtsoa amaitzean, proiektu bati eman genion hasiera, Santiago Bidea gaitzat hartuz.

5.-Zer ikasi duzu?
L.U: Asko ikasi dut orokorrean. Pertsonekin elkarbizitzen ikasi dut. Batez ere. Argi gelditu zait inoiz ez dela berandu norberak nahi duena egiteko.
J.E: Gauza asko eta asko ikasi ditut: inguruko pertsonak asko baloratzen, bizitzako momentu ezberdinetan izan beharreko jokabide egokiak...Pertsonalki asko ikasten da, kultura orokorraz janzten zoazen heinean.
6.-Nolakoa izan da esperientzia?Zerekin geldituko zinateke?
L.U:Zoragarria, ahaztezina. Niregatik izango balitz urtez-urte errepikatuko nuke. Niri bizia eman dit, aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Erabat interesgarria izan da, asko ikasi dut eta aldi berean, nire esperientzia ere besteekin konpartitzeko aukera izan dut. Ikastea gustuko duen edozein pertsonari, bizi guztirako lagun onak egin nahi dituenari, gustura egon nahi duen edonori gomendatuko nioke.
J.E:Pertsonalki oso lagungarria eta oso esperientzi positiboa. Lagun oso onak egiten dira, horren adibide gisa geure taldea, oso lagun onak egin ginenez, kurtsoa amaitzean, ingelesen apuntatu ginen denok elkartzeko intentzioz. Denei gomendatuko nieke, esperientzia ezin hobea da, giro atsegina, jende zoragarria eta bizitzan aurrera egiteko lagungarria.
Argazkiak: Nik ateratakoak.