
Pasadan astean festa handia izan zen gure herrian. Bartzelonako Pobla Sec auzoko 110 castellers etorri ziren Nazioen Munduak, Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimenak gonbidatuta. Zapatu goizean udaleko bi talde politikoetako ordezkariek ongietorria eman zien. Segidan, Gaztaren Interpretazio Zentrora eta Aranburutarren gaztandegira egin zuten bisita. Arratsaldeko 18:00etan hasi zen iragarritako kalejira. Kiroldegitik abiatu ziren Castellers erraldoiak eta dultzaina tankerako instrumentuak jotzen zihoazten katalanak. Herritar ugari zituzten zain bi aldeetako espaloietan. Guztira lau geldialdi egin zituzten eta bakoitzean bi dorre osatu zituzten. Herri osotik pasa ziren, kiroldegitik hasi eta Kale Nagusia zeharkatu zuten arte. Kalejirak atzetik izan zituen segika herritar asko eta asko, dorreak nola egiten zituzten ikusteko gogoz.
Azken saioa pilotalekuan egin zuten. Pilotalekuan, zazpi pisutako dorrea egin zuten, herritar askoren laguntzaz. Ikusle anitz ikus zitekeen aho zabalik, txundituta, dorrea izugarri altua zelako. Castellers-ek euren lana amaitzean, "Herri Ekimena" 2010 uda ingururako prestatzen ari den bideoaren aurrerapena eskaini zuten pilotalekuko eserlekuetan eserita zeuden ikusleentzat. Nazioen erabakitzeko eskubideen alde Ekimena egiten ari den lana islatzen duen bideoa. Hori amaitu ondoren, Ekimenak antolatutako afariari eman zitzaion hasiera, 250 lagun bildu ziren. Giro paregabea egon zen, jendea alai zebilen, kantuan zein kontu kontari. Kataluniako dantzen erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izan zuten Idiazabaldarrek. Herriko tabernetan festa giro ederra egon zen. Taberna barruak ikurrina eta kataluniako bandera handiez apaindu zituzten. Goizalderarte luzatu zen festa, han ibili ziren Idiazabaldarrak eta Katalanak festa giroan murgilduta.
Ekimenak Aldaizeri, Idiazabalgo herri aldizkariari, adierazi dioenez, eskerrak eman nahi dizkio herri osoari, izan ere, bakoitzak bere erara lagundu baitu festa antolatzen. "Dendariei esker otorduak prestatzeko behar ziren elikagaiak zein materialak lortu ditugu. Herriko soziedade guztiek prestatu dituzte katalanentzako gosari eta bazkariak, baita larunbateko herri afaria ere.Eskertzekoa da, herritarren eskutik jasotako babesa eta laguntza. Inplikazioa handia izan da, eskerrik asko benetan"











