
Illatiren eta Udalaren ekimenez sortutako plana da. Herriko esparru guztietara iristeko helburua du, beti ere, euskararen erabileran dauden hutsuneak antzeman eta horiei aurre egiteko neurri egokienak bideratzeko. Herritar talde batek parte hartu du bi eragile nagusiekin batera, bizpahiru aldiz hilean behin lanerako elkartu den Jarraipen Batzordean. Batzorde horretaz gain, beste hiru azpi-batzorde ere izan dira, komunikazio gaiak, immigrazioa eta komertzioetako ekintzak bideratzeko.
Illatik garbi dauka Idiazabal herri euskalduna dela, hori nabarmena da. Ez hori bakarrik, badaudela herriko hainbat sektore euskaraz naturaltasunez hitz egiten dutenak. Eta hori ongi azpimarratu behar da. Dena den, badaude hainbat alderdi zaindu beharrekoak, gaztelania nagusitzen delako horietan.
Zergatik behar du euskarak bere egoera hobetzeko plana? Illatik hori ere argi du bere sorreratik. Euskara eta gaztelania dira herriko hizkuntza nagusienak (ez dira bakarrak), baina euskara hizkuntza minorizatua izanik, arreta berezia behar du, bestela gaztelania gailenduko litzateke. Eta hori ez da norabide ona, hizkuntza “handiak” bere esparrua oraindik eta gehiago zabalduko lukeelako eta ondorioz, “txikia”k okerrera egingo lukeelako.
Hizkuntza guztiek daukate bizirauteko eskubidea eta hiztunok ere horien beharra daukagu gure nortasuna eta izateko nahia garatzeko. Horiek biak nahikoa arrazoi dira euskarari Idiazabalen ere arreta berezia eskaintzeko, bai Batzordean lanean aritu diren bolondresek, bai Illati eta baita Udalak ere. Beraz, azken urte hauetan Euskara Planarekin egindako lanak ez dira alferrikakoak izan, emaitzak ikusi ditugulako, bai komertzioetan, bai Udalean bertan, bai elkarteetan…Aldaizek egiten duen lana euskararen normalizazioan ere txertatzen dugu, nahiz eta Planetik “at” egon. Aldaizek bere lana egiten du herritarrek euskaraz irakurtzeko ohitura eta gaitasuna areagotu dezaten. 2009an egindako ikerketako emaitzek hori erakutsi digute. Hortaz, orain, lehentasunak birdefinitu eta hurrengo fasean sartzeko garaia heldu da. Illatik bere ekarpena egiten jarraituko du.








No hay comentarios:
Publicar un comentario