martes, 17 de noviembre de 2009

Bost eguneko ostatua da bizitza



Badoa bizitza ibaiaren antzera;egunak igaro eta atzera itzuli ez. Ibaia noiz egon da une batean geldirik? Galdetu ezazu berdin zure biziagatik. Bizian, ez dago pausarik ezta gelditzeko aukerarik ere. Denbora aurrera doa abiada bizian, ibaiaren ur emariaren gisara. Konturatzen zarenerako, oraina iragan bihurtzen da, etorkizuna bizi beharreko denbora bilakatzen den bezala. Hala ere, gure pentsamenduan, etorkizuna itxaron beharreko denbora da, denbora pausatua, orainak mugatua. Konturatzen garenerako etorkizuna oraina bihurtu da, jada berandu da buruan zenuen hori egiteko, esateko, adierazteko ...Tren galdua da.

Gezurra badirudi ere, bizitza bakarra da, norberak bakarrik edota ingurukoekin burutu beharreko bide malkartsua. Ez da erraza, bizitza bakardade hutsean pasatzea. Iruditzen zait gehien maite dituzun pertsonez inguraturik igarotzea dela aproposena, ezin hobea. Bizitzak ez du denbora finkorik, bere luzera pertsonaren araberakoa izango da. Tamalgarria bada ere, luze ez du iraungo. Bizitza, denbora pasa ahala, itzaltzen joango da poliki-poliki. Orduan, gure oroimenean leku hartzen joango dira ordura arte pasatako momentu guztiak, gozo zein garratz. Tristurak, pozekin nahasten joango dira, elkarren arteko oreka bat aurkituz. Bizitza da gizaki ororen erresumarik zabalena, non atsegin eta gozamenek min eta pairamen izango dituzten bidelagun. Bizia ez da amaigabea, amaiera du.

Bizitza da hiltzearen parterik handiena eta ez dugu horrela sentitzen. Gizaki ororen etsai da heriotza. Askotan heriotzaz mintzatzeak ere, beldurra sentiaraztera bultzatzen nau, gorputz guztia hotz utziz. Heriotza, gizateriaren zurrunbiloa, existentzialismoaren haustura. Gizakiok, hiru ekintza edo geltoki ezberdinetatik pasa ohi gara, jaio, bizi eta hil. Horregatik, gogoangarria iruditzen bazaigu ere, hiltzea bizi izanaren ondorio da. Bizi izan ez bagina, ez ginateke hilko, eta aldiz, jaio izan ez bagina, ez genuke bizitzeko aukerarik izango. Askotan, bizi gara hil behar ez bagenu bezala, heriotzari bizkar emanda. Horregatik, zoritxarra ailegatzen denean edota hurbil sentitzen dugunean, heriotzak apurtu egiten gaitu. Komeniko litzaiguke bizitza ziklo bat dela barneratzea, hasiera eta amaiera bat duena.

Bizitza bide latza den hori, oztopo askoz josia dago. Txokolatearen gisakoa dela esango nuke, alde garratza zein alde eztia baititu. Horregatik, bizitza bizitzen jakin behar da, ondo dastatzen. Zenbaitetan, gozotasuna izango da galbide zein okerbide eta garraztasuna aldiz, salbamen eta poztasun. Momentu batzuetan poztasuna nagusi izango den bezala, besteetan, zoritxarrak egingo digu keinu. Orduan zer egin?” Bizi dezagun bizitza oraina ondo xahutuz!”

No hay comentarios:

Publicar un comentario